Macka B-k beti izan du musikarekiko interesa. Oso gaztetan txundituta geratu zen Lord Barleyren Sound Systemarekin, blues festa batean jotzen. Reggae erritmo dardaratiak leku bat aurkitu zuen haren bihotzean, eta hantxe egon da geroztik.
Eskolan biolina jotzen zuen eta eskolako korura batu zen. Etxean reggae musikan inspiratzen zen, Burning Spear, Bob Marley, Peter Tosh, Count Ossie entzuten zituelarik, batzuk aipatzearren. DJ lanetan hasi zen, U-Roy, I-Roy, Big Youth, Prince Far-I eta antzeko klasikoetan inspiratuz. Une horretan erabaki zuen Macka B-k Ras Tafari fedea onartzea, bere bizitzako hari nagusia bilakatuz. Lagun batzuekin batera, Sound System bat hasi zen, Exodus izenekoa, gaztetan ezagututako bera, gurasoengandik semeengana jarauntsiz.
1982an, Jamaikara egindako bisita batek inspiratuta bere talentua izugarri hobetzera eraman zuen. DJ lehiaketa batean parte hartu zuen 1983an Bilstongo Rising Star Club-ean (Pato Banton eta Rankin Ann-ek parte hartu zuten). Macka B garaile atera zen eta, mugarri horretatik aurrera, hainbat aldiz gonbidatu zuten irratira, eta bere izena zabaltzen hasi zen. Pre-Wax izeneko banda batean ere egon zen, eta zuzeneko emanaldi asko egin zituzten. Derek Nelsonek, Ebony BBC2ko ekoizleak entzun zituen irratian, eta Birminghamerako ikuskizun bat aurreikusita zeukatenez, programa horretan aritzeko eskatu zion. Hain ondo joan zitzaion, non leku erregular bat hartu zuen telesailean.
Mad Professor Ariwa-koak Macka B ikusi zuen telebistan antzezten eta bilera bat antolatu zuen, Macka B-ren atxikimendua lortuz Ariwa zigilura. “Sign of the Times” LPa grabatu zuen, 1. zenbakira iritsi zena. Arrakasta horri esker hasi ziren birak Europan barrena 1986an. 1987an “We ‘ve Had Enough” bigarren diskoa kaleratu zuen eta Jamaikara itzuli zen “Love it in Jamaica” eta “Slow Down Driver” grabatzeko Black Scorpio diskoetxearentzat. 1989an beste behin, 1. zenbakia lortu zuen “Dread a who she love” singlearekin. Gainera, Nelson Mandelaren askapena ospatzen zuen “Proud of Mandela” rekin puntu gorena ere aurkitu zuen.
Laurogeita hamarreko hamarkadan Macka B-k 8 album gehiago grabatu zituen Ariwarekin eta artista handiekin kolaboratu zuen (Tony Rebel, Gregory Isaacs, Pato Banton, Steel Pulse, Earl16, Horace Andy…). Gainera, bi aldiz aritu da Jamaikako Reggae Sunsplash eta Rebel Salute jaialdietan, Nelson Mandelaren oroimeneko Kingstongo Estadio Nazionalean. Birak egin ditu Asian (India, Japonia, Filipinak, Vietnam, Thailandia, Txina, Hong Kong eta Japonia), Ozeanian (Zelanda Berria, Australia), Amerikan, Afrikan (Senegal, Sierra Leona) eta Europan. Burning Spear, U-Roy, The Wailers, Lee Perry, Culture, Gladiators eta beste hainbat artistarekin batera aritu da.
2015ean, Macka. B-k “Never Played A 45” albuma atera zuen, orain arte bere diskorik onena izan dena eta himno bat bihurtu dena.