Bilbon, 2017. urtean jaiotako ska banda dugu Pagasarri Ska All Stars. Pantx Kolektiboaren eskutik sortutako ekimena, Jamaikako doinu klasikoak (ska, rocksteady, early reggae, roots…) uztartzen ditu, ikuspegi euskaldun bat emanez.
Urteak pasa ahala, musikari desberdintaz baliatu da, Euskal Herriko soul-reggae eszenaren talde famatuenen partaideak bereganatuz (Akatz, Potato, Bilbomatiks, Trikoma, Priscilla Band, Tarisko, Cherry Boppers, Mrs Klams, besteak beste), backing band potente bat sortzeko helburuarekin. Errekalde auzoko Kantauri Estudioetan dauka egoitza nagusia. Bere bidean bizkaiko festibal esanguratsuetan ibili da; Romo Reggae Fest, Bilboko Aste Nagusia, Gernikako Lekuek… eta orain Armintzako Txapel Reggaen. Dennis Alcapone eta Errol Nicholson jamaikarrentzako banda izan zen 2023.urtean.
Aurten, Txapel Reggaen bertaratuko den bederatzikoteak zuzeneko berri bat aurkeztuko du, musikari berriak sartzen diren bakoitzean errepertorio berria aurkezten da, horrek egiten ditu berezi Pagasarri Ska All Starsen kontzertuak, denak ezberdinak direlako.